XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Felipe Arrese ta Beitia (1841-1906).

Ba ditu gizonak biotz zokoan griña ta naiera latzak, auetatik bat, oso gartsua, illezkor miña.

Unamuno jakintsuak, iñork baiño biziago nabari zun bizitza zear, leia onen zimiko ta eztenkada.

Aratz zekusan lur gaiñeko bizitzaren laburra; ala ere bizi nai, ementxe iraun nai.

Zer egin ortarako?.

Izenaren ospe ta durundio luza-erazi eguzki erraiñu antzo, egungo ez itzaltzeko eran.

Asmo orrekin idatzi zitun geien bat bere liburu biurriak.

Izan ere, emen beean beintzat, orixe dugu jo mugarik goragarriena.

Ospe orren izpiak ez dira berez sortzen.

Augatik saia oi gera guztiok, zerbaiti ekiñik, eta geure nortasuna erakutsiz, izena gaillendu ta erpin jarten.

Ideki kondaira ta ikus zenbat gudari, itxas gizon, legelari, antzerkille, ertillari asmo berdiñak; gartuak.

Antze ta erti-saillean jardun dutenak, dizditsuen agertzen dirala nik uste; auek barne samur agertu zaizkigu beti, ta auek berez ditugu eder ta begiko.

Omer, Bergili, Cervantes, Milton, Dante, Augustin Donea, Ama Teresa, Gurutzeko Jon, gure Orixe, Lizardi ta beste millaka ez ote dira onela?.

Izena illezkortu dutenen arteko dugu Arrese Beitia olerkari bioztia ere.

Berrogei ta amar urte egiñak dira il zala, ta aren oroipenak oraindik bizi-bizi dirau euskaldunen artean; maite dugun zerbaitek kilika goxoa eraso oi digu biotz azpian.

Orrela Arrese'k ere.

Orain gizaldi erdi ta geiago, dardar jarri zitun bazterrak bertso giar ta gartsuz, ta ezin iñolaz ere aantzi aren era giñaren zauskada sarkorra.

Otxandio'n jaio ta bizi izana dugu Arrese.

Bere guraso Ander ta Tomase argiak, bide zintzo ta artezez biltzen erakutsi zioten gaztetatik; amairu urtearte uriko ikastetxean ikasi ondoren, jatorriz zekarren mendu onari ta berezko barne zaletasunari erantzunik Gazteiz'era bialdu zuten marreztiera edo dibujoa ikastera.